XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gazteak, orain bai, begiratu zion.

Adorez beteriko begiak zituen.

- Ez; Huitzilopochtli nire osaba hiltzera noa.

Jo!, pentsatu zuen Lurrek, apur bat beldurtuz.

Baina mutilak lasaitu egin zuen: - Zu ez zaitez beldurtu; zu nire laguna zara - eta begiratu ziolarik bihotzez esaten ziola iruditu zitzaion Lurri.

Handik aurrera konfiantza hartu zion, nahiz hitz gutxiko mutila zirudien; zer edo zer serioa izango zuela pentsatzen zuen neskatilak, eta galdera asko egin gabe aldamenean jarraitu zitzaion.

Gauean, suaren ondoan, mutilak atzemandako konejuaren hezurrak ongi txurrupatu eta gero biak etzanda zeudela, Lurrek pilatuta zeuzkan galdera guztiak arrapaladan egin zizkion.

Eta mutilak erantzun zionarekin Lurrek istorio hau ikasi zuen: Huitzilopochtli, gerraren jainkoak, egun batez bere arreba Malinalxochtli abandonatu zuen, honek erresuma bat eraikitzera urrutira joan nahi zuelako.

Abandonatutako arreba, lurralde menditsu eta oihantsu batean gelditu zen, oso tristerik eta lagun banaka batzuekin.

Alabaina, oso kementsua zen eta Malinalco-ko erresuma fundatzea lortu zuen.

Bera, mutila - zer izena duzu?, galdetu zion Lurrek, eta mutilak: Copil dut izena-, emakume haren semea zen, eta txikitatik entzun izan zuen amaren ezpainetan Huitzilopochtli bere osabaren ekintza txarraren kontakizuna, eta bihotz barnean beti izan zuen mendekatzeko grina, eta baita noizpait egingo zuenaren ziurtasuna ere.